Aurrekontu zehaztuan ikusiko duzuen bezala, laguntza behar dute eskolako oinarrizko behar hauek asetzeko:
Batetik, zentroan dauden 60 edo 70 gazteentzako eskolako materiala: oinarrizko materiala erosi beharra daukate (liburuak, koadernoak, boligrafoak, motxilak…), baita musika instrumentu zein marrazketa lanabesak ere, oso garrantzitsua baideritzote espresio eta terapia tailerrak garatzea ume hauekin, indarkeria eta babesgabetasun handiko egoerak jasaten baitituzte askok, baita arazo psikologikoak ere. Liburutegi batekin ere hornitu nahi dute zentroa.
Bestetik gazteen oinarrizko beharrei erantzuteko laguntza: eskolan jaten ematen diete, oinetakoak banatu eta oinarrizko higiene betebeharrak erakusten dizkiete...
2011rako aurrekontua ez daukate ziurtatua, horregatik osatzen lagunduko diegu. 60-70 gazteen ardura urte guztian euren gain hartzeko, 7.449 euro behar dituzte. Gutxi gora-behera, 10 euro gazte eta hilabete bakoitzeko. Erreferentzia baliagarria, esku bat luzatzea erabakitzen baduzue.
Kolaborazio ekonomiko honen helburua, laguntza mugatu bat baino gehiago, meatzeetan bizi diren gazteen formakuntza eta autonomia bultzatzea da, beraiek izan daitezen euren komunitateari lagunduko diotenak etorkizunean. Bekak eskuratzeko, asistentzia minimo bat bete behar dute eskolan, auzolanean astean behin edo bitan lagundu eta trebakuntza profesionala jaso (zurgintza, okintza, ehungintza…). Oinarrizko laguntza ematea da ideia, euren gaitasunak garatzeko, gero bizibide hobeagoak bilatzeko ahalmena izan dezaten, meatzetik kanpo.